Lehen sektorea gaztetzea helburu

Lehen sektorea gaztetzea helburu

Gaztenek 2004. urtean abiatu zen, eta Jesus Calvillo da Gaztenek programaren koordinatzailea. Zizurkilgo Fraisoron egiten du lan, Gipuzkoa osora begira. Araba eta Bizkaian beste bulego bana dute, eta elkarlanean aritzen dira Eskualdekako Nekazaritza Bulegoekin.

Programak helburu garbia du: lehen sektorea gaztetzea. «Sektore zahartua dugu. Bertan lanean ari den asko eta asko adinez aurrera doaz, eta jende gazte gutxi sartzen da. 2004. urtean egoera hori zen, eta horrela izaten jarraitzen du», argitu du Calvillok. Jende gaztea erakarri eta laguntzeko neurri batzuk hartu dira: «Bere proiektua gauzatzean babes bat izan dezan urte batzuetan jarraipena egiten diogu, eta gurekin kontatu dezake arazoak sortzen direnean».

Hamar urtez Europako programaren barruan sartuta egonda, eta orain beste epe bat ireki da eta beste programa berri bat dago Europa mailan. Horri lotuta geroz eta garrantzia handiagoa hartzen ari da lehen sektorea gaztetzearena, eta ez bakarrik hemen, Europa osoan. Horri lotuta sortu dira neurriak eta aurrera begira ere sortuko direla dio Calvillok.

«Erakarri ditugu gazteak eta zenbait baserritan oinordekotza lagundu dugu, eta emaitza batzuk izan ditugu. Baina esan behar da erritmoa ez dela nahikoa, eta oraindik sektorea zahartzen ari da eta lan asko dago egiteko», azaldu du Jesus Calvillok.

Berrikuntzarekin dator proiektua eta Hazitik bideratuko da. «Laguntza gaztea ez denari ere bideratuko diogu», gaineratu du. «Zenbait diru laguntza gazteak laguntzeko bakarrik daude pentsatuta, baina guk zerbitzua guztiei eskaintzen diegu, nahiz eta adinagatik batzuk ez diren sartuko diru laguntza horietan». Aholkularitza, formakuntza eta jarraipena behar dituzte, eta hori guztiei eskainiko diete. «Ibilbide pertsonalagatik, askotan ez dira 20-30 urterekin hurbiltzen edo ez du erabakia hartzen enpresa bat martxan jartzeko adin horrekin, baizik eta geroago. Eta Europak ez digu uzten diruz laguntzen 40 urtetik gorakoak», nabarmendu du.

Lehen sektorean barruan alor desberdinak daude, eta kasu asko daude: «Ideia batekin dator bat eta martxan jarri nahi du bere proiektua edota enpresa. Baina baita baserriko semea edo alaba da etorri daitekeena, eta erraztasunak jarriko dizkiogu bere etxean geratzeko. Edota kanpotik datorren norbait izan daiteke martxan dagoen ustialeku batera doana. Edota dibertsifikazioa deitzen dioguna, hau da, baratzegintza egiten duen norbaitek ontziratze sistema bat jartzea enpresari indar berria emanez».

Lurraldeka, lurraldearen bokazioa jarraitzen dute eta Gipuzkoan baratzegintzak du indarra.

«Behar nuena, ordutegi malgua»

Hiru haurren ama da Aintzane Garmendia Sagastume amezketarra. Zezen bat erosteko asmotan abiatu, eta 125 txerriren jabe izaten amaitu du. Zuzitze baserriko Agustin Artolak gomendatuta jo zuen Gaztenek programaren berri jasotzera. Baserria eta lurrak izan, eta bertan, lan asko ematen ez duen zerbait jarri nahi zuen. Baso azalera nahikoa dutela kontuan hartuta, txerrien aldeko apustua egin zuten: «Ez dute lan asko eskatzen, ordutegi malgua eta nik hori behar nuen».

Gaztenek programak zer eman dion galdetzean, «dena» erantzun du. Diru laguntza ekonomikoaz gain, formakuntza jaso du. Eta jarraipena emango dion pertsona bat du alboan, Abelurretik. Enpresa plana iazko ekainean aurkeztu zuen, eta urte amaierako onespenaren ostean jarri zuen proiektua martxan. Bertatik bizi behar du, eta abuztuan jarri zituen txerriak bere lurretan. Basatxerri kooperatibako kide da, eta «nire lana txerriak ondo eta osasuntsu gizentzea da, eta salmentaz Basatxerrikoak arduratzen dira», azaldu du.

Eskerrak eman nahi dizkio Amezketako Agustin Artolari Gaztenek programaren berri emateagatik. Eta baita Basatxerriko Josu Garaialde eta Eskualdeko Nekazaritza Bulegoko Ander Trigosi ere, proiektua martxan jartzeko bidean emandako laguntzagatik.

Amaitzeko deialdi berezia egin nahi izan du amezketarrak: «Berrogei urte baino gutxiago izan, eta baserriren bat ia erorian edo lurrak izanez gero informatzeko esango nieke. Nik ezusteko handia hartu dut, eta hasiera guztiak dira gogorrak, baina egoera ez da hain iluna».