El primer fruto del vivero de huertas

El primer fruto del vivero de huertas

Tolosako Santa Lutzia auzoan, lehen sektorea indartzeko asmoz sortu zuten duela hiru urte Tolosako Santa Lutziako Baratze Haztegia. Tresneria jartzeaz gain, aldagelak eraiki zituzten eta baita beharrezko hornidura guztiak jarri ere. Baratze haztegian ia hiru urtez aritu dira lanean, hiru ekoizle. Tolosako Udalak, Tolomendik eta Fraisoro Nekazaritza Eskolak bultzatutako proiektua izan da.

Tolosako Udalak hezkuntzari lotutako lur batzuk zituela ekarri du gogora Iker Karrera Tolomendiko kudeatzaileak, eta «zergatik ez hezkuntza lehen sektoreari lotu» galderarik sortutako proiektua da. Haztegi kontzeptua erabili dute, nolabait enpresa munduan ezaguna da, eta lehen sektorera egokitu dute. «Baratzegintzarako ikasketak egin dituen jendea, baina oraindik ere praktika falta zaion jende horri, bere negozioa martxan jarri aurretik eta salto hori ematerako, formakuntza praktikan jartzeko proiektu bat bezala planteatu zen», azaldu du Karrerak. Ikasketak Fraisoron eginak, edota beste ikasketa batzuetatik edota adin bat duen eta beste lan batean ibilia den, baina nekazaritza munduan hasi nahi duen jendeari zuzendua izan daitekeela argitu du.

Nekazari profesional izan nahi dutenak sektorean murgiltzeko helburua du egitasmo honek. Honela, baratzegintzarako egokia den lurra, eta hau lantzeko tresnak, formazioa eta tutoretza izan dituzte hautatuek. Horrez gain, ereindako produktuak Tolosako Azokan saltzeko aukera izan dute.

Tolomendik balantze positiboa egin du. «Lehenengo sektorea garatzen laguntzea da helburu nagusiena, eta jende berria lehenengo sektorera gerturatzea». Hiru pertsona ari dira, eta gaur-gaurkoz bik jarraipena izango dutela azpimarratu nahi izan du, beraien ustiategiak martxan jarriz. «Hirutik bi, emaitza ona dela esango nuke».

 Hiru ekoizle, lanean

«Gure aldetik oso balorazio ona egin behar dugu. Fraisoron formakuntza jaso duten hiru pertsona etortzen dira. 9.000 metro koadroko lur saila jarri zitzaien eta hirutan banatzen da», argitu du Patxi Amantegi Tolosako Udaleko Ingurumen zinegotziak, eta «nolabait formakuntza horri jarraipena eman behar diote. Beraien kabuz ekoitzi egin behar dituzte produktuak, eta ikasi behar dute hori komerzializatzen. Larunbatero Tolosan plaza dugunez, bertan ematen zaie aukera».

Honela bertako ekoizleek Tolosako Azokan ekoitzitako produktuak saltzeko aukera izan dute. Eten bat izateko eskubidea ere izan dute hiru ekoizleek, proiektua hasiera batean, udari begirako eskaintza ateratzeko bakarrik zegoen pentsatua eta. «Gerora negutegiren batzuk ere jartzea eskatu ziguten», gaineratu du Amantegik. «Jende langilea dela kontuan izan da, eta aurrera ateratzeko gai zirela ikusita, inbertsio horretan sartzeko pausua ematea erabaki genuen. Eta 600 metro koadroko negutegia jarri zitzaion bakoitzari», argitu du.

Nestor Errasti da ekoizleetako bat eta hiru urtetako esperientzia oso polita izan dela adierazi du: «Asko ikasi dugu baratzegintzaz, eta hementxe gabiltza egun osoan lanean baratzean, baina gustura».

Urte guztian lan egiteko aukera eskaini diete hiru ekoizleei, eta uzta atera dute urte osoan. Azokan izan duten jarrera eta harrera «oso onak» izan direla gehitu nahi izan du Amantegik.

Helburuak oso ondo bete direla dio Tolosako Udaleko ordezkariak. Belaunaldi aldaketa bermatzea lortu da, hau da, jende berria sartzea laborantzan eta baita plazan saltzen ere. «Belaunaldi aldaketa hori egitea posible dela ikusi dugu», nabarmendu du. Eta kasu honetan, «momentuan hemen lanean ari direnak ez zaizkigu bertako plazan geratuko, baina ikusi dugu aurrera begira hori posible dela».

Ekoizleek Tolosako eremua utzi beharreko fetxa buruan dute jada, 2018a. Errastiren kasuan, dagoeneko aurkitu ditu Tolosako baratzea ordezkatzeko lurrak. Lezon egokitu zaizkio kasu honetan. «Orain etxetik gertuago. Esperientzia polita da eta gustuko dut, eta gustura aritzen naiz beraz baratzean lanean jarraituko dut. Honetatik bizi nahi dut, eta posible dela ikusten dut. Soldata duin bat ateratzea gustatuko litzaidake».

Lanik handiena belarrak ateratzeak ematen omen dio Errastiri, eta ondoren garaian garaiko produktuen landatzeak. «Batzuk hazitik ateratzen ditugu eta beste batzuk erosi egiten ditugu».

Modu ludikoan hainbat tokitan jarri dira baratze parkeak herritarren eskura, baina kasu honetan, produkzio ekologikoa izateaz gain, bere helburua etekin ekonomiko bat ateratzea da: «Lan teknikak ezagutu behar dituzte ekoizle hauek, eta jakin behar dute zein zailtasunekin aurkituko diren produktuko horiek saldu behar dituztenean», azaldu du Ingurumen zinegotziak.

Errastiri azokako lanaz galdetzean «zaila» dela azaldu du: «Esperientzia oso polita da azokan egotearena, baina oso zaila da saltzearena. Eta orain aurrera jarraitzeko baloratu egin behar dut jarraitu ala ez». Gainerakoan, produktuak erosten dizkion talde bat du.

Formakuntza borobila dela dio Amantegik, eta ekoizleekin hitz egitean ere, «oso gustura» daudela. Eta horren eraskule da, hirurek, honetan jarraitzea dutela helburu eta dagoeneko pausuak eman dituztela edo lur publikoetan jarraituz edota lur sailak bilatuz.

Belaunaldi aldaketa dute helburuetako bat, eta ondorioz, Tolosaldean lur banku bat antolatu nahiko lukete. Eta honen aurrean, Tolomendiko Iker Karrerak dio ona litzatekeela ere lurren esku aldatzea egin ahal izatea.

Tolosako Udalaren beste nahietako bat, hemen hasi eta ikasitako guztia bertan geratzea izango litzateke. «Tolosaldean lur sail horiek edukiko bagenitu, orduan bai proiektu osoa borobila izango litzateke».

Hasi nahi duen orori erraztasunak ematen zaizkio eta horregatik da haztegi bat. Eta honek, era berean, lana elkarlanean egiteko aukera eskaintzen die. «Behar berdinak dituen jendea elkartzean, gauzak aurrera ateratzea errazagoa da», diote.

Bakoitzak berak egindakoaren jabe izan behar duelako, hiru zatitan banatuta dago lur saila eta oso lur sail berdintsuak dituzte «bakoitzak bere esperientzia izan dezan». Oso lur sail berdintsuak dira.

Esku aldatzeko garaia

Hiru urte pasatzearekin batera, berriz ere, izen-ematea irekiko dute, eta beste hiru pertsona berri sartzea izango dute helburu. Hauei uzta osoa jaso arteko epea utzi beharko diete, lurrak markatuko dituelako epeak. Ez da izango egun batetik bestera egitekoa, baina aldaketaren garaia ere iritsi da Santa Lutziako Baratze Haztegira.

Hiru bultzatzaileak elkartu eta betebeharrak zehaztu beharko dituzte, baina duela hiru urte egin moduan, interesa duten herritarrek proiektua aurkeztu beharko dute. Jarraian aztertuko dituzte, eta hurrengo hiru urteetarako izango diren ekoizle egokienak aukeratuko dituzte, haztegiek bizirik jarrai dezaten.

Gipuzkoan ez du Karrerak honelako beste proiekturik ezagutzen, baina inork interesa izango balu guztia azaltzeko prestutasun osoa erakutsi du.