Tolomendik eta ‘Ataria’-k lankidetza hitzarmena sinatu dute

Tolomendi Landa Garapenerako Elkarteak eta Tolosaldeko Komunikazio Taldeak 2016. urteari begira lankidetza hitzarmena adostu berri dute. Helburua, komunikabideak landa garapen elkarteak eskualdean eskaintzen dituen zerbitzuen berri ematea da. Akordio hori sinatzeko ardura izan dutenak Josune Malkorra Beristain eta Jexux Murua Gorostidi izan dira. Malkorrak hitzarmenari babesa eman dio Tolomendiko lehendakari gisa eta Muruak beste horrenbeste egin du, komunikabidearen kudeatzaile modura. Erakunde biak, «eskualdearen garapen eta kohesiorako eragile garrantzitsuak» direla ulerturik, aurrerantzean batak egiten duenaren bozgorailu lana egingo du besteak. Hau da, Tolomendik landa garapenera bideratuta eskaintzen dituen askotariko zerbitzu horiek, Ataria-ren euskarriak baliaturik helaraziko dizkio eskualdeko baserritar, nekazari, erakunde, eragile eta herritarrei. Astekaria eta irratia bozgorailu Honela, hamabostean behin honako aldizkarian Tolomendiren proiektuen berri helaraziko zaie irakurleei eta bi astez behin ere beste horrenbesteko tartea izango du landa garapenerako elkarteak Ataria irratian, Pasahitza irratsaioan. Zuzeneko elkarrizketak medio, Tolomendi hobeto ezagutzeko aukera izango du entzuleak. Tolomendiko ordezkariek azpimarratu dutenez, aipatu tarteak elkartea osatzen duten «kide, udaletxe zein herriei» ere zabalik izango dira. «Euren leiho eta bozgorailu izan nahi dugu, aurrera eramaten diren proiektu horien berri eman dezagun».  

Deja un comentario