Tolosaldea Saretzen deialdian parte hartzeko epea zabalik dago

Duela hilabete jarri zen martxan eskualdeko garapen sozioekonomikorako partaidetza prozesua: Proiektu estrategikoetarako Tolosaldea Saretzen deialdia. Honako hau lehiaketa publikoa eta irekia da eta Tolosaldeko 18 urtetik gorako edozein pertsona fisikok edota eragile pribatuk har dezake parte.

Lehenetsitako proiektuak eskualdeko udalek sortutako diru funtsaren bitartez finantzatuko dira, eta esaterako aurten, 125.000 euro bideratuko dira egitasmora.

Deialdian parte hartzeko interesa dutenek eskualdearen garapenerako estrategikoa izan daitekeen proiektu bat aurkeztu beharko dute. Era berean Tolosaldean gauzatzeko moduko proiektuak izan beharko dira, eskualde ikuspuntua indartu beharko dute, baita bertako ingurune fisikoa errespetatu ere eta azkenik, Tolosaldeko biztanleen bizi-kalitatea hobetzen lagunduko dutenak. Horrez gain, proiektuak baloratzeko garaian, Kontseiluak ondorengo irizpideak hartuko ditu kontuan:

1. ERREFERENTZIALTASUNA: proiektuen garapenean parte hartuko duten eragile kopurua kontuan hartuko da.

2. SEKTORE PUBLIKO ETA PRIBATUAREN ARTEKO UZTARKETA: sektore publiko eta pribatuaren arteko uztarketa baloratuko da, bai eragile aldetik (bi sektoreen ordezkaritza) bai finantzabide aldetik.

3. BIDERAGARRATASUN EKONOMIKOA: epe luzera begira proiektuan duen bideragarritasuna kontuan hartuko da.

4. KALITATEZKO ENPLEGU POTENTZIALA SORTZEA: proiektuak enplegua sortzeko duen ahalmena eta traktoretza.

5. BERRIKUNTZA: proiektuak ohiko sektorean modu berritzaile batez garatzea edo eskualdean berritzailea izan daiteken sektore batean murgiltzea.

Tolosaldea Saretzen deialdiko diru laguntzaren bitartez proiektuaren aurrekontuaren %50a arteko finantzaketa eskainiko da. Bestalde, aipatu behar da ere, proiektu bat baino gehiago finantzatzea dela asmoa.

PARTE HARTZEKO BIDEAK

Proiektuak aurkezteko eskabidea bete beharko da eta honekin batera bestelako dokumentazioa erakutsi. Proiektuak zuzenean edo postaz aurkeztu ahal izango dira.

Lanak aurkezteko epea 2015eko ekainaren 10ean amaituko da, honako hau barne. Oinarri hauek Tolosaldea Saretzen webgunean (http://www.tolosaldeagaratzen.eus/webroot/tolosaldeasaretzen), Tolosaldea Garatzen garapen agentzian, Tolomendi landa garapen elkartearen eta udalen iragarki taulen eta webguneen bidez eskuratu daitezke.

OINARRIAK

Iturria: http://ataria.info/komunitatea/tolosaldeagaratzen

Deja un comentario